Skip to main content

ESKAILERATAN TXINGOKA

Partaide kopurua

Gutxienez 2

Informazio Praktikoa

Txingoka aritzea, dirudienez, aspaldiko ohitura da. Erromako foroan honelako jolasean aritzeko marrazki bat aurkitu dute eta badirudi erromatarren garaian Europa guztian zehar zabaldu zela. Gaur egun ere, Europako toki askotan ezaguna da: Irlanda, Alemania, Suitza, Italia, Frantzia, Espainia… Txingoka lurrean margotutako laukitxo batzuen gainean jolasten bada ere, bilduma honetara ekarri dugun aldaera ere nahiko ezaguna da. Eskaileratan harriekin jolastea aspaldiko ohitura da hainbat tokitan eta gaur egun ere erabiltzen dute haurrek jolas hau, aldaerak aldaera.

Espazioa

Eskailerak

Aldaerak

*mailen izenak aldatuz

Aldaera nagusian, mailei dagozkien izenak alda daitezke. Adibidez: asteko egunak, planeten izenak, hilabeteak…

Azalpena

1. Eskailerak aukeratu behar dira eta eskailera-maila bakoitzean izen bana jarri: itsasoa, lurra, hodeiak, zerua, ilargia eta eguzkia. Gerta daiteke eskailera kopuruaren arabera hitzak gehitu (izarrak, planetak…) edo kendu behar izatea.

2. Hastea egokitu zaionak harria lehendabiziko eskailera-mailara botako du (itsasora). Maila honen gainetik salto egingo du eta beste maila guztiak hanka baten gainean goraka eta beheraka pasatuko ditu. Jaisterakoan, harria dagoen mailara iristen denean, oinarekin joko du harria eta maila horretatik kanpo botako du.

3. Jolasak berdin jarraituko du beste maila guztiekin. Bigarren txandan, harria bigarren mailara botako du (lurra) eta eskailerak, txingoka, gora eta behera pasatuko ditu. Gora aldera joaterakoan, ezingo du harria dagoen maila zapaldu eta gainetik salto egin beharko du. Behera jaisterakoan, ordea, harria dagoen mailara iristerakoan, oinarekin joko du, mailaz maila beheraino iritsi arte.

4. Jokalari batek maila guztiak huts egin gabe pasatzen baditu, maila guztiekin aurreko puntuetan azaldutakoa egiten badu, maila bati bere izena jartzeko aukera izango du. Horretarako nahi duen mailara botako du harria eta maila honen gainean bere izena idatziko du. Hortik aurrera beste inork ezingo du bere maila zapaldu.

5. Jolasa maila guztiei izena jartzen zaienean bukatuko da.

Mailei dagozkien izenak alda daitezke. Asteko egunak, planeten izenak, hilabeteak… erabil daitezke.

Esamoldeak

Jolasa izendatzeko beste modu batzuk:

  • TXINGOKA, ASTEKO EGUNAK…
  • TXINTXU (Honelako jolasetan harria izendatzeko Durangaldean erabiltzen zen izena).
  • HUTS EGIN: Gaizki egin, kale egin (lurra bi hanketan zapaltzea edo harria behar den tokira ez botatzea).
  • TXILINTXANGO: Txingoka ibili.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimendu eta trebetasunezko jolasa.
  • Jarduera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea (saltoa). Eraginkortasuna: trebetasuna eta arintasuna.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Baliabideak

Harritxo bat

Close Menu