Skip to main content

HERENSUGEAK

Partaide kopurua

Gutxienez 3 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Jolas hau nahiko berria da. Katalunian oso ezaguna zen “Arrencar sebas” jolasaren moldaera modernoa dela esan daiteke. Kataluniako jolas honetan haurrak lerro batean jartzen dira, baina elkarri gerritik helduta bata bestearen atzean. Gainera, ez dago denbora mugarik eta, beraz, lerroa osatzen dutenek ez dute hamar kontatu behar. Euskal Herriko aisialdi jarduera antolatuetan nahiko ezaguna da.

Espazioa

Toki nahiko zabala

Aldaerak

* harrapatzaile gehiagorekin

Taldea oso handia denean, harrapatzaile bat baino gehiago jarriko ditugu. Bestela, jolasak oso luze joko du eta aspergarria suerta daiteke. Gainera, honela errazagoa da hasieratik herensugea apurtzea.

Azalpena

1. Jolaskide guztien artean zozketa egin ondoren, bat aukeratuko dugu. Jokalari hau jolastokiaren alde batean jarriko da. Beste guztiek ilara osatuko dute jolastokiaren beste aldean. Lerroa osatzeko, lurrean eseri eta elkarri besotik eta hanketatik helduta jarriko dira. Lagun hauek osatzen duten lerroari “herensugea” deituko zaio. Jolastokiaren bi aldeak bereizteko bi marra margotuko dira lurrean.

2. Bakarrik dagoen jolaskideak, nahi duenean, bere aldean dagoen marra pasatuko du eta herensugearengana abiatuko da. Herensugea osatzen dutenak batetik hamarrera kontatzen hasiko dira. Tarte horretan bakarrik dagoen jokalaria herensugeko jokalariren bat bere jolastoki aldera ekartzen saiatuko da. Horretarako hanketatik, gorputzetik edo besoetatik tira egin beharko dio, herensugearen katea puskatzeko.

3. Hamar kontatu aurretik sugeko jokalariren bat bere jolastokira eramatea lortuz gero, jolaskide hau bere taldeko partaide izango da aurrerantzean, eta hortik aurrera herensugean dagoen beste jolaskide bat kideetatik askatzen eta bere jolastokira eramaten lagundu beharko dio. Lortzen ez badu, berriro sartuko da.

4. Jolasa behin eta berriro errepikatuko da herensugean dauden jolaskide guztiak beste aldera pasatu arte.

Taldea oso handia denean, harrapatzaile bat baino gehiago jarriko ditugu. Bestela, jolasak oso luze joko du eta aspergarria suerta daiteke. Gainera, honela errazagoa da hasieratik herensugea apurtzea.

Esamoldeak

  • BETE IZAN: Betetzea (jolas honetan, HARRAPATZAILEA). Adibidez: Nor da bete? Zozketa egin ondoren, Joxepari egokitu zaio bete izatea. Beraz, Joxepak beteko du.
  • HERENSUGEA: Harrapatzaileak izan ezik, beste jokalari guztiek osatzen duten lerroa.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimenduko eta adimen estrategiako jokoa.
  • Jokaera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: mugimendu dinamikoa espazioan. Eraginkortasuna: erresistentzia eta indarra.
  • Alderdi sozialak:
mota mistoko harremana (gizabanakoa-gizabanakoa eta kooperazio motakoa).

Close Menu