Skip to main content

SUGE ITSUAK

Partaide kopurua

Gutxienez 4 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Jolas hau aisialdi taldeetan eta jolas kooperatiboak lantzen diren guneetan ezaguna da, kooperazioa eta konfiantza lantzeko oso aproposa delako. Hala ere, ez dago oso zabalduta. TRENA izenarekin ere ezagutzen da (atzeko jokalaria tren gidaria izango litzateke).

Jolas honetan jokalari gehienek begiak estali behar dituztenez, komenigarria da zapien ordez beste zerbait erabiltzea, korapiloak egiten denbora asko ez galtzeko. Erabil daitezke, adibidez, tela laukitxoak, buru inguruan goma batekin lotuta. Kirol jardunetan erabiltzen diren ileko gomak ere oso erabilgarriak dira.

Espazioa

Nahiko toki zabala, baina mugatua

Aldaerak

*suge itsuen lasterketa
Harrapaketa jolasa egin ordez sugeen lasterketa egin daiteke. Aldaera nagusian bezala, aldaera honetan ere suge bakoitza osatzen duten kide guztiek begiak estalita izango dituzte, azkenekoak izan ezik. Honek sugea gidatuko du. Bidean oztopoak jartzeak lasterketa interesagarriagoa egin dezake.

Azalpena

1. Parte hartuko duten lagun guztiekin bi talde egingo ditugu. Talde bakoitza suge bat izango da. Horretarako taldekide guztiek lerroa osatu behar dute, bata bestearen atzean jarrita. Jolaskide bakoitzak aurreko jokalariaren sorbalda gainean jarriko ditu eskuak.

2. Sugea osatzen duten guztiek begiak zapiekin estaliko dituzte, lerroan azkena dagoenak izan ezik. Honek gidatuko du “sugea”, baina hitzik esan gabe. Sorbaldan kolpetxoak emanez adieraziko dira aginduak, eta jokalari bakoitzak aurrean duenari transmititu beharko dio zer egin behar duen.

Aginduak honelakoak izan daitezke:

–         EZKERRERA JOAN: aurreko lagunaren ezkerreko sorbaldan kolpetxo bat jo.

–         ESKUINERA JOAN: aurreko lagunaren eskuineko sorbaldan kolpetxo bat jo.

–         GELDITU: aurreko lagunaren bi sorbaldetan kolpetxo bana jo.

–         AURRERA ABIATU: aurreko lagunaren sorbaldetan bi kolpetxo jo.

Talde bakoitzak bere agindu propioak asma ditzake, baina inoiz hitzik erabili gabe.

3. Helburua beste taldeak osatutako sugea harrapatzea da. Beste sugea harrapatuta dagoela esateko, beste taldeko gidaria harrapatu behar da, hau da, ez du balio begiak estalita duen lagun bat harrapatzea.

Gidaria harrapatuz gero, lagun hori beste taldera aldatuko da eta hortik aurrera beste sugearen lehen lekuan jarriko da begiak estalita dituela.

Sugeak ezin dira hautsi, hau da, kide guztiek elkarri helduta egon behar dute denbora guztian. Jolasteko lagun asko badaude, bi suge baino gehiago osa daitezke.

Harrapaketa jolasa egin ordez sugeen lasterketa egin daiteke. Kasu honetan ere sugea osatzen duten kide guztiek begiak estalita izango dituzte, azkenekoak izan ezik. Honek sugea gidatuko du. Bidean oztopoak jartzeak lasterketa interesagarriagoa egin dezake.

Esamoldeak

  • SUGEAK:
    Jolaskideek osatzen dituzten lerroak.
  • GIDARIA:
    Jolas honetan, lerroan azkena doana.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
trebetasun eta adimen estrategiako jokoa.
  • Jokaera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea. Eraginkortasuna: ukimen zorroztasuna.
  • Alderdi sozialak:
kooperazio motako harremana.

Baliabideak

Jokalari bakoitzeko zapi bana

Close Menu