Skip to main content

KOMUNIKAZIOA GALDEREKIN EDO GABE


KOMUNIKAZIOA GALDEREKIN EDO GABE

Helburuak

Bi aldeen artean komunikazio zabal bat izatearen garrantzia aztertzea.
Norabide bakarreko komunikazioak dituen mugak aztertzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Parte hartzaileko bakoitzeko paper bana eta arkatz bana banatuko ditugu.
Marrazki bat deskribatuko dugula eta gure azalpenen arabera marraztu beharko dutela azalduko diegu. Horretarako, haiek ezingo dute ez hitz egin, ez galderarik egin, eta guk ezingo dugu marrazkia erakutsi.
Gainera, marrazkia egiteko behar duten denbora kronometratuko dugu.
Jarduerari ekingo diogu. Marrazkia deskribatuko dugu, poliki-poliki, taldeak marrazteko nahiko denbora izan dezan, eta denbora neurtuz.
Bukatzean, paperari buelta emateko eskatuko diegu.
Jarduera errepikatuko dugula azalduko diegu, baina oraingoan beste marrazki bat deskribatuko dugula eta hitz egiteko eta galderak egiteko aukera izango dutela. Debekatua izango dute marrazkia ikustea edo elkarri kopiatzea. Oraingoan ere, marrazkia egiteko behar duten denbora neurtuko dugu.
Jarduerari ekingo diogu.
Bukatzen dutenean, marraztu behar zutena marraztuko dugu arbelean, edo marrazkiak erakutsiko ditugu, besterik gabe, norberak bere emaitza azter dezan eta besteekin erka dezan.
Irudi bakoitza egiteko zenbat denbora behar izan dugun, eta, objektuak non kokatu ditugun, bi marrazkien artean zehatzena zein den ikusiko dugu.
Eztabaida edo gogoeta bat abiaraziko dugu, honako puntu hauetan oinarrituta:
1. Gehienetan, denbora gehiago behar izaten da bigarren marrazkia egiteko, baina emaitza hobea izaten da. Horrek agerian jartzen du zeinen aberatsa den guztion arteko komunikazio zabal hori, lehen irudiaren kasuko komunikazio motaren aldean.
2. Argi geratu behar da aurpegiko espresioa eta keinuak komunikazioaren parte inportante bat direla, eta zuzeneko komunikazioaren osagarri ezinbestekoak direla. Jarduera honetan, ahozko komunikazioa baino ez da erabiliko.
3. Irudien deskribapena egiteko modua ere aztertuko da: azalpenak nahikoak eta egokiak izan ote ziren; helburuak ondo planteatu ote ziren; behar zen informazio guztia eman ote zen; etab.
4. Erabili jardueraren ondorioak gure eguneroko bizitzan komunikazioa mota desberdinak nola ematen diren eztabaidatzeko: hedabideak, eskola, organizazioa, familia, etab.

Antolaketa

Marrazkiak eta haiek deskribatzeko erabili beharreko jarraibideak aldez aurretik prest eduki.

Jolas eremua

Marrazten eroso egoteko aukera ematen duen edozein.

Denbora

30 minutu.

Materiala

Orriak eta idazteko materiala, irudiz hornituriko bi marrazki, kronometroa eta arbela (aukerakoa).

Aldaerak

Dinamizatzaileak egin ordez, lantegiko parte hartzaileetako batek egin dezake marrazkien deskribapena.

Gomendioak

Ondo prestatu marrazkiaren deskribapena egiteko modua. Behar izanez gero, aldez aurretik idatzita eraman.

Ebaluazioa

Erreparatu taldeak egindako marrazkiei eta aintzat hartu parte hartzaileek amaierako hausnarketan egindako iruzkinak eta gogoetak.

Close Menu