Skip to main content

NI… BANINTZ


NI… BANINTZ

Helburuak

Taldeko parte hartzaileek elkar ezagutzea eta bakoitzak bere burua onartzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Parte hartzaile bakoitzeko txartel eta arkatz bana banatuko dugu.
Bost minutuko tartea utziko dugu, pertsona bakoitzak bere txartela bete dezan, sinatu gabe.
Ondoren, txartel guztiak bildu eta nahasiko ditugu.
Berriro banatuko ditugu, ausaz.
Bana-banan irakurri ahala, bakoitza nori dagokion asmatzen saiatuko gara denon artean.
Asmatzen badugu, izena idatzi, eta horman edo kortxozko ohol batean iltzatuko dugu txartela, denok ikusteko moduan.
Sekuentzia errepikatuko dugu txartel guztiekin gauza bera egin arte.
Amaitutakoan, gogoeta egingo dugu taldean, gauza zehatz batekin identifikatzeko aurkitutako zailtasunen inguruan; edo binakako elkarrizketak bultzatuko ditugu, erantzun horietan oinarrituta batak besteaz zer pentsatzen duen ikusteko.

Antolaketa

Txartelak prest eduki behar ditugu aldez aurretik: parte hartzaile bakoitzeko txartel bat. Txartel desberdinak erabil ditzakegu jarduera hau egiten dugun bakoitzean, baina honako hauen antzeko esaldiak eduki behar dituzte:
Ni autoa banintz, … izango nintzateke.
Ni toki bat banintz, … izango nintzateke.
Ni animalia banintz, … izango nintzateke.
Ni abesti bat banintz, … izango nintzateke.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

45 minutu.

Materiala

Txartelak eta idazteko materiala.
Kortxozko ohola, txintxetak, zeloa.

Aldaerak

Galderetako gaia geuk proposatu ordez, parte hartzaileek beraiek erabaki dezakete. Ni … banintz, zer izango nintzateke?
Esaldiak parte hartzaileen ezaugarrien eta adinaren arabera alda daitezke.

Gomendioak

Jolas hau egokiagoa da elkar gutxi ezagutzen duten parte hartzaileen artean egiteko.

Ebaluazioa

Ez dago.

Close Menu