KONFIDANTZA SORTZEKO TEKNIKAK

Nork bere buruan eta taldean duen konfiantza probatzeko eta sustatzeko prestatutako ariketa fisikoak dira hauek gehienak. Taldean konfiantza giroa sortzea garrantzitsua da, bai elkartasun jarrerak eta talde dimentsioa bera sustatzeko, bai geure burua talde lan baterako prestatzeko, hala nola arriskuak ekar ditzakeen ekintza baterako edo ahalegin sortzailea eskatzen duen zeregin baterako.

Jolas hauekin lanean hasi baino lehen ezinbestekoa da parte hartzaileek elkar ezagutzea. Jarduera hauek dinamizatuko dituen pertsonak erne egon beharko du eta kontuan hartu taldea zer egoeratan dagoen, ariketa hauek pixkana sartuz joateko.

Helburuak

Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Parte hartzaileei jolas bat egitera goazela azalduko diegu:
Pertsona bat (“alfonbra”) ahoz gora etzango da lurrean, luze-luze, besoak gorputzari itsatsia dituela. Gainerakoetako bat burualdean kokatuko da eta besteak alboetan. Belauniko jarririk, eskuak eta hatzak elkartuko dituzte, hatz erakusleak erdian dagoen pertsonaren gorputzaren azpian sartuta, luze-luze jarrita.
Kontu handiz, “alfonbra” altxatuko dute ahal duten beste, eta airean eutsiko diote hainbat segundotan (batera eta bestera kulunkatuz edo kulunkatu gabe). Gero, poliki-poliki, lurrean pausatuko dute berriro.
Ariketa hau isilik egin behar da eta mugimenduek leunak izan behar dute. Kontu handiz ibili behar da etzanda dagoen pertsonaren buruarekin, kolperik har ez dezan.
Dinamikari ekin baino lehen, alfonbrarena egin nahi duenik ba ote dagoen galdetuko dugu.
Hala nahi duten guztiekin errepikatuko dugu jolasa.

Antolaketa

Alfonbra bakoitzari eusteko, 7 pertsona beharko dira gutxienez: hiru gorputzaren albo bakoitzean (hankak, gerria, bizkar-sorbaldak) eta bat buruan. Beraz, parte hartzaileak zenbat diren, talde gehiago edo gutxiago egingo ditugu.

Jolas eremua

Toki itxi bat, erosoa.

Denbora

20 minutu, parte hartzaileak zenbat diren.

Materiala

Musika lasaia (aukerakoa).

Gomendioak

Parte hartzaileak alfonbrarena egitera animatuko ditugu, baina ez dugu inor behartuko egin nahi ez duena egitera.

Ebaluazioa

Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.

Helburuak

Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.

Parte hartzaileak

+8, por parejas

Garapena

Parte hartzaileak binaka jarriko dira.
Jolasa zertan datzan azalduko diegu: pertsonetako bat argazkilaria izango da, eta bestea, argazki makina. Argazkilariak bere makina gidatuko du (makinak begiak itxita izango ditu) jolas eremuan zehar, argazkia egiteko paisaia edo objektu baten bila. Bere gustuko zerbait aurkitzean, haren aurrean ipiniko du makina. Orduan, “Klik!” esango du, eta makinarena egiten duen pertsonak begiak irekiko ditu, hiru segundoz, aurrean zer duen begiratzeko. Gero, begiak itxiko ditu berriro.
Prozedura bera errepikatuko dugu hiru edo lau objekturen aurrean.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko, eta argazkilaria eta makina nor izango diren erabakitzeko.
Seinale bat egingo dugu, dinamikari hasiera emateko.
Jolasa nola doan begiratuko dugu eta bikote bakoitzak hiruzpalau argazki egin dituela ikusten dugunean, eten bat egingo dugu, paperak truka ditzaten.
Beste saio bat egingo dugu.
Saioa amaitzean, taldea biribilean jartzera eta bizitako esperientzia azaltzera gonbidatuko dugu: zer fotografiatu duten, nola sentitu diren, gidariak ondo gidatu ote dituen, etab.

Antolaketa

Gauza politak fotografiatzeko aukera ematen duen toki batean proposatuko dugu jolas hau.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

10-15 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Gai bat proposa daiteke: koloreak, adibidez.

Gomendioak

Adierazgarriak edo orijinalak izan daitezkeen gauzak bilatzera animatuko dugu taldea.

Ebaluazioa

Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.
Hausnarketa unean, kontuan hartu taldearen iritziak.

Helburuak

Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.
Erlaxatzea.

Parte hartzaileak

+4

Garapena

Bi ilaratan jarraraziko ditugu parte hartzaileak, bata bestearen aurrean.
Auto-garbitzeko makina bat egingo dugula azalduko diegu. Horretarako, pertsona batek autoarena egingo du, eta sortu dugun korridorearen erditik pasatuko da. Ilaratan daudenek masajeak eta laztanak egingo dizkiote autoarena egiten duen pertsonari, aurretik pasatu ahala.
Jolas honen helburuetako bat erlaxatzea da; horregatik, “autoak” poliki-poliki pasatuko dira korridoretik, bikote bakoitzaren aurrean geldialdiak eginez. Auto-garbitzeko makinaren masaje eta laztanek (oinetatik bururainokoa) gozoak eta atseginak izan behar dute.
Bukaerara iristean, autoarena egin duen pertsona ilaran jarriko da, eta ilararen beste muturrean lehen tokian geratzen dena sartuko da korridorean.
Jarduera hastean, dena ondo doan begiratuko dugu. Behar izanez gero, geuk ere taldeko beste batek bezala hartuko dugu parte.
Denek masaje eta laztan saioa hartzen dutenean etengo dugu jolasa.
Hala komeni dela ikusiz gero, tarte bat utziko dugu parte hartzaileek bizitako esperientzia eta sentsazioak parteka ditzaten.

Antolaketa

Musika lasaia dezakegu, erlaxazio giroa sortzeko. Eta aretoko argiak erdi itzalita utzi, intimitate giroa sortzeko..

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

25 bat minutu, parte hartzaileak zenbat diren.

Materiala

Musika lasaia (aukerakoa).

Aldaerak

Taldea oso handia bada, lauzpabost laguneko zirkuluetan banatuta egin dezakegu jolasa, desfilatzen ibili beharrik gabe.

Gomendioak

Tartetxo bat utzi hasieran, inork gorputza (edo gorputz atalen bat) uki edo laztan diezaioten nahi ez badu hala adieraz dezan.
Autoarena egiten duten pertsonak begiak ixtera eta gorputz-gogoak lasaitzera gonbidatuko ditugu, masajea are gozagarriagoa izan dadin.

Ebaluazioa

Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.

Helburuak

Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Parte hartzaileak bost bat laguneko taldetan banatuko ditugu.
Biribilean jarraraziko ditugu, eta norbait zirkuluaren erdian gera dadila eskatuko diegu.
Gure kideengan konfiantza osoa jartzean datzan jolas bat egingo dugula azalduko dugu.
Erdian dagoenak begiak itxiko ditu, eta gorputza lasaitu (baina tente eutsiz, gorputza erortzen utzi gabe), besoak gorputz alboetan zintzilik dituela. Inguratzen duten pertsonek alde batera eta bestera astinduko dute, eskuekin bultza eginez eta sostengatuz. Amaitzerakoan, garrantzitsua da pertsona tente jarraraztea, begiak ireki baino lehen.
Boluntarioei begiak ixteko eskatuko diegu, eta gainerako parte hartzaileei, azaldutako mugimenduak egiten has daitezen.
Jarduera nola doan ikuskatuko dugu eta hamar minuturen buruan taldez talde ibiltzen hasiko gara, modu lasai batean, eta gozo hitz eginez, bukatzen hasteko eskatuz.
Errepikatu jarduera parte hartzaile guztiak zirkuluaren erditik pasatu arte.

Antolaketa

Taldeek elkarrengandik urrun samar egon beharko dute, batzuen eta besteen artean nahikoa tartea utzita, elkarri trabarik egin gabe jardun ahal izan dezaten. Musika lasaia jar dezakegu, eta argiaren intentsitatea txikitu, jolasaren intimitate giroa handitzearren. Garrantzitsua da ere parte hartzaileak isilik egotea edo ahots baxuan hitz egitea, erdian dagoen pertsona bere sentipenetan murgildu ahal izan dadin.

Jolas eremua

Toki zabal bat, denok eroso egoteko modukoa.

Denbora

Parte hartzaile bakoitzak 2-3 minutu egon beharko du erdian.

Materiala

Musika lasaia (aukerakoa).

Aldaerak

Taldea oso handia ez bada, denak batera jardun.
Konfiantza handitu ahala, zirkulua osatzen duten pertsonak aldenduz joan daitezke, belauniko jarri, eta are eseri ere, eskuak eta hankak barrura aldera jarrita. Parte hartzaileak urrutiago egonda, erdian dagoenak askoz zanbulu handiagoak egingo ditu (hori dela eta, kontu handiz jardun behar da).

Gomendioak

Behar diren segurtasun neurriak hartu beti.

Ebaluazioa

Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.

Helburuak

Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Taldea biribilean esertzera gonbidatuko dugu.
Jolas honetan, elkarrizketa kate bat sortuko dugula azalduko dugu.
Horretarako, “A” pertsonak honela esango dio eskuinean duenari, “B” pertsonari: Hau besarkada bat da, eta besarkada bat emango dio.
B-k, orduan, honela galdetuko dio A-ri: Zer bat?
Eta A-k erantzungo du: besarkada bat, eta besarkada bat emango dio.
B-k, berriz, honela esango dio C-ri (eskuinean duen hurrengoari): Hau besarkada bat da, eta besarkada bat emango dio.
C-k, orduan, honela galdetuko dio B-ri: Zer bat?
B-k, orduan, honela galdetuko dio A-ri: Zer bat?
A-k honela erantzungo dio B-ri: besarkada bat, eta besarkada bat emango dio.
B-k honela erantzungo dio C-ri: besarkada bat, eta besarkada bat emango dio.
Eta horrela hurrenez hurren, sekuentzia osatu eta zirkulua itxi arte.
Aldi berean, A-k beste mezu bat bidaliko du ezkerretik: Hau musu bat da, eta musu emango dio ezkerrean duenari.
Halako nahaste-borraste dibertigarri bat sortuko da horrela.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko.
Boluntario bat eskatuko dut jolasari ekiteko.
Bira osoa egin arte jarraituko dugu jolasean.

Antolaketa

Azalpenak zehatza eta garbia izan behar du, bestela era nahiko nahaste-borraste izango da eta. Eserita edo zutik aritu gaitezke, erosoen sentitzen garen moduan.

Jolas eremua

Edozein, guztiak biribilean jarrita sartzeko adinakoa bada.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Musu eta besarkaden ordez, beste edozer egin daiteke: miazkada bat, musu eskimal bat (sudurrarekin), laztan bat, etab.

Gomendioak

Parte hartu jolasean, taldean partaide izateko.

Ebaluazioa

Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.

Helburuak

Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.

Parte hartzaileak

+4, binaka.

Garapena

Parte hartzaileak binaka jartzera gonbidatuko ditugu, aurrez aurre, elkarri begira daudela.
Ispilua izeneko jolas batean arituko garela azalduko diegu. Hala, pertsona batek mugimendu jakin batzuk egingo ditu, eta bestea, aldi berean, mugimenduak errepikatzen saiatuko da, ispilu bat balitz bezala.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko. Ispiluarena aurrena nork egingo duen ere adostu beharko dute.
Behin jolasean hasita, nahikoa irizten diogun arte utziko diegu jolasean.
Amaitzeko, ispilura hurbiltzeko eskatuko diegu, biak besarkada estu batean lotu arte.
Beste saio bat egingo dugu, paperak aldatuta.

Antolaketa

Jolas eremuan ez du oztoporik egon behar, bikoteak lasai aritu ahal izan daitezen.

Jolas eremua

Toki zabal bat.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Geuk agin dezakegu zer mugimendu egin behar dituzten, nahieran mugitzen utzi ordez.

Gomendioak

Mugimenduak poliki egin ditzaten eskatuko diegu. Izan ere, jolas honen helburua parte hartzaileek elkarri behatzea da, eta ez ispiluarena egiten duen laguna itoaraztea, etengabe mugimenduak imitatzera behartuz.

Ebaluazioa

Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.

Helburuak

Taldekideen artean laguntasun eta integrazio giroa sortzea.
Taldekideen bertuteak eta balioak ezagutzea.
Besteenganako konfiantza handitzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Parte hartzaile bakoitzeko papertxo eta arkatz bana banaturik, izena idazteko eskatuko diegu.
Papertxoa tolesteko eta poltsan sartzeko eskatuko diegu.
Poltsako papertxo guztiak nahastu ondoren, bat ateratzeko eta bere golkorako irakurtzeko eskatuko diegu parte hartzaile guztiei, banan-banan. Norbaitek bere izena ateratzen badu, berriro sartu beharko du papertxoa poltsan, tolestuta, eta beste bat atera.
Parte hartzaile bakoitzak bere papertxoa duenean, azalduko diegu ez diotela inori esan behar nor egokitu zaien, are gutxiago papertxoan azaltzen den izenaren jabe den pertsonari, hots, beren lagun sekretua izango denari. Helburua hau izango da: egokitu zaien pertsonaren jokabidea behatzea, eta nolako bertuteak eta balioak dituen idatziz jasotzea. Behin jarduerarako hitzartutako denbora amaituta (egun oso bat izan daiteke, aste oso bat, lantegiak edo topaketak irauten duena), bakoitzak gutun bat idatziko dio bere lagun sekretuari, berari buruz zer iritzia duen azalduz. Ondoren, bakoitzak berari idatzi dioten gutuna hartu eta bere artean irakurri du. Hurrengo egunean, elkarrekin partekatuko dituzte behaketa lanak eta gutunaren irakurketak piztutako sentimenduak.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Paperak eta arkatzak; kutxa edo poltsa bat, bertan izenak nahasteko.

Aldaerak

Jarduerarako denbora dinamizatzailearen interesen arabera luzatu edo laburtuko da.
Egokitu zaien pertsonarekin adeitsu jokatzeko eska diezaiekegu (opariak eginez, mezuak utziz, etab.), baina susmorik piztu gabe.

Gomendioak

Gogorarazi parte hartzaileei jolas honen helburua elkar hobetu ezagutzea eta, aldi berean, elkarrekin ondo pasatzea dela.
Lagunari idatzi behar dioten gutunak positiboa izan behar du; inoiz ez negatiboa edo pertsona hori zauritzeko asmoz egina.

Ebaluazioa

Entzun zer dioten taldekideek bizitako sentimenduak azaltzen dituztenean, nork bere lagun sekretuaren gutuna irakurri osteko egunean.

Helburuak

Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Parte hartzaileak elkar ukitzera bultzatzea, haien artean konfiantza handitzeko bide gisa.

Parte hartzaileak

+6

Garapena

Parte hartzaileak biribilean jarraraziko ditugu, elkarren artean tarterik utzi gabe.
Jolasa azalduko diegu: gure aginduak bete beharko dituztela, dauden tokitik mugitu gabe eta azken unera arte eutsiz emandako aginduari.
Hasiera emango diogu jolasari, era honetako aginduak emanez:
Ukitu urdina den zerbait.
Zapaldu ezkerrean daukazun lagunaren oina.
Jarri belauniko.
Ukitu ezker eskuarekin eskuinean duzun lagunaren sorbalda.

Erori gabe eustea zaila denean, azken agindua emango dugu: “Denok batera, oreka galdu gabe, ukitu esku batekin zirkuluaren erdia”.
Ondo pasa badute, beste saio bat egin dezakegu.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

10-15 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Hasieran, postura berean egotera behartuko ez dituzten aginduak emango dizkiegu. Bukatzeko, berriz, posturari eusten saiatzeko eskatuko diegu.

Gomendioak

Parte hartzaileen kontaktu fisikoa inplikatuko duten aginduak eman.

Ebaluazioa

Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.

Helburuak

Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Parte hartzaileei jolas bat egitera goazela azalduko diegu:
Itsasoan lasai-lasai bainatzen ari den lagun talde bat direla esango diegu, baina bat-batean, marrazo talde bat agertu dela eta salbamendu txalupa batzuetara igo beharko dutela babes bila, marrazoak handik joan arte. Lurrean zabaldutako egunkari paper batzuk edo han-hemenka utzitako uztai batzuk izango dira txalupak. Ez da pertsona adina txalupa egongo; beraz, tokia egin beharko diote elkarri, denak sartuko badira. Dinamizatzaileak abisatuko du noiz agertzen diren marrazoak eta noiz amaitzen den arriskua.
Parte hartzaileak aretoko (edo gauden tokiko) bazter batean jarriko dira, guk lurrean han-hemenka paperak edo uztaiak jartzen ditugun bitartean.
Hasteko seinalea emango dugu eta parte hartzaileak egunkari paperen artean ibiltzen hasiko dira, igerian ariko balira bezala.
Halako batean, oihu egingo dugu: “Kontuz, marrazoak!”. Eta igerilariak egunkarietara igoko dira edo uztaietan sartuko dira.
Denak salbu daudenean, arriskua amaitu dela eta igerian segi dezaketela adieraziko diegu.
Beste saio bat egingo dugu, egunkari bat edo uztaietako bat kenduta.
Behin eta berriz errepikatuko dugu jarduera, harik eta parte hartzaileak estu pilatu, eta haietako bat (bat baino gehiago, seguru aski) uretara erortzen den arte.

Antolaketa

Hasieran, uztai asko jarriko ditugu, baina jolasak aurrera egin ahala, haiek kentzen hasiko gara (banaka, binaka edo nahi bezala), jolasa zirraragarriagoa gerta dadin.

Jolas eremua

Toki zabal bat, aire zabalean zein estalpean, parte hartzaile guztiak elkarri trabarik egin gabe mugitzen ibili ahal izateko adinakoa.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Uztaiak, egunkari paperak, edo antzekoak.

Aldaerak

Aulkiak edo mahaiak ere erabil daitezke, biribilean jarrita, talde osoa espazio bakar batean sartu ahal izateko moduan.

Ebaluazioa

Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.

Helburuak

Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Parte hartzaileei jolas bat egitera goazela azalduko diegu.
Parte hartzaileetako batek (jolasa amaitu arte inork ez du jakingo nork) ama oiloarena egingo du eta gainerakoak haren bila dabiltzan txitak izango dira.
Partaide guztiak, begiak itxita, batetik bestera ibiliko dira jolas eremuan barrena; oiloak ere itxita izango ditu begiak, baina ez da dagoen tokitik mugituko. Norbait topatzen dutenean, eskutik heldu, eta honela galdetuko diote hari, oiloa den edo ez jakiteko: Txio-txio?
Topatu duten pertsonak ere Txio-txio? esaten badu, eskuak askatuko dituzte eta bila eta galdezka jarraituko dute.
Norbaitek beste bati Txio-txio? galdetu, eta erantzunik jasotzen ez badu, ama oiloa aurkitu duen seinale. Orduan, elkarri eskutik helduta segitu beharko dute, eta norbaitek Txio-txio? esaten badie, isilik eutsi beharko diote, erantzun gabe.
Hala, pixkana-pixkana, talde osoa eskutik elkartuz joango da.
Amaren bila dabilen txitarik geratzen ez denean, begiak irekiko dituzte, eta talde osoa besarkada erraldoi batean elkartuko da.
Tarte bat utziko dugu zalantzak argitzeko eta galderak egiteko.
Begiak ixtera eta jolas eremuan barrena ibiltzera gonbidatuko ditugu parte hartzaileak, jarduerari hasiera emanez.
Parte hartzaile batengana hurbildurik, ama oiloa bera izango dela xuxurlatuko diogu belarrira.

Antolaketa

Garbi eduki behar dugu jolasa zer tokitan egin. Toki itxi bat bada, oztopo guztiak kendu beharko ditugu aurrena, ezbeharrik gerta ez dadin; eta toki ireki bat bada, ondo mugatu beharko dugu jolas eremua.
Jolasak dirauen bitartean, ezbeharrik gerta ez dadin zainduko dugu.

Jolas eremua

Toki zabal bat, oztoporik gabekoa.

Denbora

10 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Oilo eta txiten ordez, beste animalia batzuk izan daitezke.

Ebaluazioa

Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.